eu | en | es

Ikerketa lerroak


Gure hasierako azterketa-lerroa Aro garaikideko erakunde ordezkatzaileak eta parlamentuak, eta bertako kideak, ikuspuntu konparatutik izan zen, baina gure azterketa-eremua zabaldu dugu, honako ikerketa-ildo hauetara:

90eko hamarkadaren hasieran ikerketa-ildo bat abiatu genuen, iraupen luzeko azpiegitura historiografiko baten proiektua pentsatzea, bururatzea diseinatzea eta eraikitzea helburu duena, XIX. eta XX. mendeetako euskal elite politikoak aztertzeko eta konparatzeko asmoarekin. Lan horrek biografiaren erabilgarritasunari eta erabilerari buruzko hausnarketa metodologikoan ditu sustraiak, eta zehazki, talde sozialetako biografiari buruzkoan, gizartea eta erakundeak ulertzeko.
Ikerketa-ildo hori gauzatzeko, Historia Parlamentarioaren Dokumentazio Zentroa sortu da, taldeko biografiak egin dira hiztegi biografikoen formatuarekin eta aztertutako taldeei buruzko analisi prosopografikoak egin dira.

2015eko Unibertsitate Estrategian ezarritakoaren arabera, Unibertsitatearen helburuetako bi ikerketa eta jakintza eskualdatzea dira, eta horregatik, Kontzertu Ekonomikoaren eta Foru Ogasunen Dokumentazio Zentroa sortu dugu Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiekin elkarlanean; izan ere, Kontzertu Ekonomikoa, eta haren aplikazioa Foru Ogasunetatik, funtsezko instituzioa da Euskal Autonomia Erkidegoaren ordenamendurako, eta aipaturiko Dokumentazio Zentroa tresna bat izan daiteke instituzio hori ikertzeko eta haren zabalkundea egiteko.

Bilbori buruzko azterlan gutxi zeudela kontuan hartuta, hiriaren historiari buruzko ikerketa-ildo bat abiatzea erabaki genuen. 1996az geroztik hainbat ikerketa-proiektu gauzatu ditugu, Bilbo garaikidea hobeto ezagutzeko helburuarekin. Aldez aurretik ikerketaren arloan genuen eskarmentua kontuan hartuta, Udalari eta bertako kudeaketa politiko-administratiboari buruzko azterlan bat egiten hasi ginen, eta horrela, Bilbao desde sus Alcaldes ikerketa-proiektua gauzatu genuen.
Orain, kontuan hartuta 2015eko Unibertsitate Estrategiaren helburuetako bat jakintza eskualdatzea dela, Bilbori buruzko ikerketari jarraipena ematea erabaki dugu, eta hain zuzen ere, sortutako jakintza eta egingo ditugun ekarpen berriak eskualdatzeari ekingo diogu. Horretarako, plataforma digital berri bat erabiliko dugu, spin-net erakoa, eta epe luzean, eskualdatze-lana egituratuko duen spin-offa eta Bilboko Historiaren Museo Birtuala sortzea espero dugu, Bilboko Udalarekin elkarlanean betiere.

Ikerketa-ildo honek Euskal Herria osatzen duten lurraldeetan (Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa eta ipar Euskal Herrian) eta historikoki Nafarroako erresuma zaharrari lotutako lurraldeetan (Biarno, Bigorra, Foix, País d’Albret eta Nebousan) modernitatetik aurrera garatu ziren ideia politikoen historia aztertzea du helburu, filosofia politikoaren alderditik ikusita.

Ikerketa-lerro hau uztartuta dago 1982az geroztik Medikuntza eta Zientzia Historiaren Euskal Museoak iragan zientifikoa eta teknikoa ezagutzeko sustatu dituen jarduerekin. Zientzia eta teknologia gure kultura ondarearen parte dira. Kultura zientifiko-teknikoa teilakatuta egon da bizitza soziala osatzen zuten ekitaldietan eta jardueretan, alderdi guztietan (kultural, ekonomiko eta politikoetan). Horregatik, diziplina anitzeko ikuspuntua erabiliko da ikerketa-lerro honetan, kultura zientifiko-teknikoa baldintzatu duten kategoria nagusien arteko harremanak aztertu ahal izateko. Hots, hezkuntzaren, teknologiaren, industriaren, politikaren eta armadaren arteko harremanak aztertu ahal izateko. Hain zuzen, Museoa 2009an Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarean sartu zenean definitu ziren estrategien parte da ikuspegi hori. Beste estrategia bat testuinguru globalak eta tokiko jardunbideak batera aztertzeko beharra izango da.